Azken hilabete honetan, Fleming Herri Eskolaren 50. urteurrena dela eta, herriko hainbat artista eta musikariekin  “50 urte geroa pasaka” abestia sortzen ibili gara. Urteurreneko abesti berria Inaki Lizaso (Bihozkada) eta Yerai Gasconek (Habi) elkarlanean egin dute baina, bi ikasle ohi hauez gain, beste hainbat lagun izan dira abestian parte  hartzen; Oihana Iguaran, ikasle ohia hau ere (letra eta ahotsa), DZ Zigor Lampre (musika), Jon Ander Artola (bateria), Javi Rivero (baxua) eta Gorka Lizaso (ahotsa eta gitarra). Elkar estudion grabatua izan da eta ahotsetan hainbat ikasleren laguntza ere izan dute. Egin duten proposamena eta emaitza asko gustatu zaigu, berritzailea baita.

Gure asmoa, koronabirusaren krisia amaiatzean, bideoklipa grabatzea da. Eguna jarria dago, baina ez gaude ziur data hori mantentzeko aukera izango dugun. Hori horrela, egoera lasaitzen denean bidoklipa grabatzeko eguna eta ordua zabalduko dugu. Aldez aurretik, adierazi nahi dugu eskola komunitate osoa eta herritar oro gonbidatu nahi dugula grabaketan parte-hartzea; irakasleak, ikasle ohiak, haurrak, gurasoak, herritarrak, kuadrilak… Herri eskola garenez ekimen herritarra eta irekia izatea nahi dugu.

Hala ere, dugun egoera samurtu eta etxean denbora igarotzeko, bideokliperako prestatzen joateko baliabideak eskaini nahi dizkizuegu; batetik, abestia bera (making off edota musika bakarrik) eta honen letra duzue etxean ikasten joan zaitezten. Bestetik, bideoklipa grabatzeko garaian errepiketan egin beharreko koreografia duzue iada praktikatzen joateko. Koreografia Eneritz Ugartemendia (ikasle ohi, irakasle eta Oinkariko kideak) eta Oier Labordek (ikasle ohi eta Aukeran konpainiako dantzariak) sortu dute. Animatu etxean praktikan jartzera, laster izango gara eta denok elkarrekin!