MARIDOMINGI ETA OLENTZERO MAITEAK:

 Eskutitz hau Fleming Herri Eskolako zuzendaritzatik idazten dizuegu.

 2020 urtea berezia izan da eta 2021 urtea ate joka dugu. Irailean gizarte osoa kezkatua zegoen eskolara hastean zer gertatuko ote zen eta denon nahia haurrak ongi egotea zen. Dena uste baino hobeto joan da, bere gorabehera eta zailtasunekin, baino denon artean oztopoak gainditu eta aurrera egin dugu. Hiruhilabetea bukatzera doa eta eskerrak eman nahi ditugu.

Eskerrak lehendabizi gure txikiei, gure protagonistei, GURE MAISUAK direlako!

1.egunetik pozez txoratzen etorri dira, energiaz beteta. Eskolan (eta toki guztietan) arau berriak izan arren (eskuen garbiketak, muxukoak, ilaran joatea, ezin lagunekin nahastea,…) guztira alaitasunez egokitu dira. Pozik hasi ziren eta pozik jarraitzen dute, arauak betez eta beraien betiko jarrera baikor eta eraikitzailearekin jarraituz. Agian gehiagotan begiratu beharko genieke gure txikiei, asko baitute guri irakasteko… ESKERRIK ASKO TXAPELDUNAK!

Baina ez genituzke FAMILIAK ahaztu nahi. Pazientzia handiz eraman dutelako guztia: arauak, konfinamenduak,… ulerkortasun eta arduraz jokatuz dute eta hori benetan  eskertzekoa da, beraz MILA ESKER amatxo, aitatxo, aiton-amona,…guzti guztiei!

KLAUSTROAri ere eskerrak, lan gehigarriak egon direlako, lana egiteko modua egokitu behar izan dugulako, buruhausteak, zailtasunak… baina beti bezala denon artean hiruhilekoa modu duinean aurrera atera dugu eta oso harro gaude. MILA ESKER ekipo!

JANGELAko hezitzaileak ere, egunero gure txikiak elikatzen, eta egoera honetan beraien testuingurua “berezia” dela kontutan hartuz beraien esfortzua ere goraipatu nahi dugu. Neurri guztiak kontutan izanda lan egin dute eta eskolan bazkaltzeko aukera izan dugu, beraz MILA MILA ESKER zuen lan bikainagatik!

Eta egoera berezi honetan garbitasun kontuek duten garrantzia kontutan hartuz, GARBITZAILEAK eta BEDELAren lana ere azpimarratu nahi dugu. Lan gehigarriak, bereziak,… gure eskola toki ziurra bihurtu dute denontzat, beraz MILA ESKER zuei ere!!

Urte berezi honetan UDALA ere komunitateari laguntzeko prest azaldu da; ordenagailu eta konexio hornitzea, segurtasunerako baliabide materialak eta pertsonalak erraztuz,… MILA ESKER!

Eta azkenik beti bezala beraien babesa eta laguntza eskaintzen diguten Hezkuntzako IKUSKARI eta Lasarteko Berritzeguneko AHOLKULARIEI, beti hobetzen laguntzen digutelako, eta oztopoen aurrean bidea errazten digutelako. ESKER MILA!

Fleming Herri Eskolako komunitatea oso aberatsa da, eskolako gure ALTXORRA. Horregatik, komunitate osoarentzat Flemingkidetasunaz beteriko zakutxoak eskatu nahi ditugu: osasuna, maitasuna eta ilusioa guztiontzat barra-barra, elkarrekin bagaude edozein egoerari aurre egiteko gai izango garelako! Hori da gure aurtengo eskaera…

Gure aldetik modu arduratsuan lan egiten jarraituko dugu,  edozein egoerari erantzunez eta haurren babesa eta ongizatea erdigunean jarriz.

Gure nahiak kontutan izango dituzuelakoan bihotz bihotzez agurtzen gara …

 

ZUZENDARITZA TALDEA Fleming Herri Eskola