Haur Hezkuntzako eraikinean “Jolaslekua piztu!” proiektua burutu dugu AUZOLAN baten bidez.

Erabateko elkarlana izan da hasieratik: irakasleek patioa berritzeko proiektu pedagogikoa diseinatu dugu eta guraso batzordeak beharrezko kudeaketa guztiak  egin dituzte (udalarekin harremanak, material eta errekurtsoen gestioa, baimenak,…). Auzolanerako bolondresak eskatu dira eta partehartzaile guztiei proiektua azaldu zaie. Azkenik, AUZOLAN baten bidez burutu da.

Auzolan eguna “lan eta festa” giroko eguna bihurtu zen. Helduak patioaren berrikuntzan lanean zeuden bitartean, haurrak festa giroan murgildu ziren jolas eta tailerretan parte hartuz. Guztiek bat egin genuen lan eta festa giroan, elkarlana eta giroa benetan unkigarria eta gozagarriaizan zirelarik!

Hamaiketako eder bat ere egin genuen eta bideo baten grabaketa burutu zen.

Proiektu hau ez da txukunketa huts bat izan, patioagune hezitzaile aberats bat bihurtzea izan baitu helburu, haurrei beraien benetako beharrak modu egokiagoan asetuko dituen jolasleku erakargarriagoa sortuz: gune naturala, arbela, rokodromoa, slak line, panel sentsoriala, lur jolasak, frontoia, gurpilak…

Beraien benetako beharrak asetzeko, prozesu psikomotoreak indartzeko, harremanak sustatzeko, emozioen bizipenak pizteko, sormena bultzatzeko… elementu berriak eskaini nahi izan dizkiegu gure protagonista txikienei.Patioa eskolako beste gune hezitzaile garrantzitsu bat gehiago da, nolabait ikasgeletan  egiten denaren luzapena eta jangelako garaian ere erabiltzen duten espazio garrantzitsua.

Baina jolaslekua hobetzeaz gain, eskola komunitate osoak parte hartu zezakeen proiektu “bizia” sortu nahi izan dugu, elkarlana eta kolaborazioa bezalako baloreak indartuz.

Horregatik, proiektuaren beste berezitasuna hau aurrera eramateko erabili dugun prozedura izan da, AUZOLANAren bidez familia eta irakasleen inplikazioarekin burutu baita dena, eta horrek balio bikoitza eman dio proiektuari, patioa bera eraldatzearen helburuaz gain, elkarren arteko harremanak sendotzeko bidea abiatu baitugu.Emaitza oso ona izan denez zentzu guztietan, auzolan gehiago egiteko gogoa piztu da, eta hori benetan aberasgarria dela uste dugu.

Patio berriari “XAXI PARKEA” izena eman zaio. Xaxi eskolako iratxo bat da, euskararen bultzatzailearen sinboloa. Haurrentzat oso esanguratsua denez, bere irudia margotu digute herriko margolari diren bi ahizpek eta horregatik “XAXI parkea” izena jarri diogu.

Parke berriaren emaitza bikaina izan da eta bere fruituak lehenengo egunetik nabaritu ditugu. Haurrak oso pozik joaten dira jolasleku berrira eta beraien arteko harremanak izugarri hobetu dira; jolaslekuan lehen sortu zitezkeen liskarrak nabarmenki gutxitu dira eta haurrak askoz modu aberatsagoan jolasteko aukera dute orain.

OSO POZIK GAUDE GURE JOLASLEKU BERRIAREKIN!!