Fleming Herri Eskolako zuzendaritzak, Amasa-Villabonako Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoekin (EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE), hitzarmen bat adostu eta izenpetu dugu . Hitzarmen honen bidez, hiru alderdi politikoek hainbat konpromiso hartu dituzte, etorkizunean Udaleko hirigintza sailak Fleming Herri Eskolako instalakuntzetan beharrezko inbertsioak eta mantenu lanak gauzatu ditzagun.

Hitzarmen honek 5 urteko indarraldia izango du eta etorkizunean Udalak gure eskolan egingo dituen inbertsioen eta mantenu lanen ezaugarriak definitzeko prozedura berri bat finkatzen du. Horrela, Fleming Herri Eskolako zuzendaritzak, hiru alderdi politikoetako ordezkariek eta hirigintzako zein hezkuntzako udal teknikariek parte hartuko duten Jarraipen Batzordea eratuko da, egin beharreko inbertsioak eta mantenu lanak elkarlanean adosteko, eta martxan dauden proiektuen jarraipena egiteko. Beraz, bilgune berri honetan erabakiko dira Fleming Herri Eskolan egingo diren inbertsioak eta mantenu lanak zeintzuk izango diren urtez urte.

Bestalde, alderdi politikoek hainbat konpromiso ekonomiko ere hartu dituzte akordio honen sinadurarekin:

  • 2025 eta 2026. urteetako Udal Aurrekontuetan eskola publikoan inbertsioak egiteko 70.000 euroko eta mantenu eta konponketetarako 10.000 euroko partida ekonomikoak ezartzea.
  • Hurrengo hiru urteetan (2027, 2028 eta 2029. urteetan) eskola publikoko inbertsioetarako partida ekonomikoa gutxienez, minimo gisa 30.000 eurokoa izatea eta mantenukoa berriz 12.000 eurokoa.

Horrekin batera, alderdi politikoek, Udalaren jardunaren bitartez gure eskolan egin beharreko inbertsioetarako dirulaguntza publikoak eskuratzeko beharrezkoa dena egiteko konpromisoa hartzen dute, batez ere hezkuntza sailak urtero eskaintzen dituen “Udalaguntza” delakoak lortzeko.

Akordio honen bidez, EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek, datozen urteetan Fleming Herri Eskolaren hezkuntza jardunbidea sustatzen jarraitzeko eta kalitatezko azpiegiturak bermatzeko urrats sendoa eman dute, horretarako konpromiso zehatzak bere gain hartuz.

https://villabona.eus/eu/albisteak/4296-udalean-ordezkaritza-duten-alderdi-politikoek-akordioa-sinatu-dute-fleming-herri-eskolarekin-inbertsioak-eta-mantenu-lanak-bermatzeko.html