Arroa (2-5 urte)
“Lehen urteak garrantzitsuenak”
Haur hezkuntzak berebiziko garrantzia du haurraren garapenean.
Etapa honetan haurrak adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratzea eta harremanetarako oinarriak garatzen hasiko dira.
HAURRA PROTAGONISTA ETA ERAIKITZAILEA
Haurra da protagonista, bere behar eta interesek gidatzen dute eskolako hezkuntz praktika. Haurrak behatuz eta beraiekin elkarreraginez, bakoitzaren beharrak ezagutu eta hauek asetzeko pausoak ematen ditugu: eskolako espazioak, materialak, denborak, ekintzak, esperientziak… behar hauen arabera antolatzen eta egokitzen ditugu.
Haurra da bere ikaskuntza-prozesua eraikitzen duena, eskolaren papera haurrari testuinguru aberats bat eskeintzea izango da: giroak, gela bereziak, psikomotrizitate gela, material aberatsak, musika gela, liburutegia, oreka eta emozioen jolaslekua, baratza, irrati txokoa,…
ONGIZATE FISIKO ETA EMOZIONALA
Haurrak eskolan etxean bezela sentitzea dugu helburu. Bertan goxo, ziur, babestua, maitatua eta errespetatua sentituz aurrera egin ahal izango du, konfidantza osoan, bere gaitasunak garatuz. Afektiboki orekatua egoten lagunduko diogu, hau baita bere garapenean aurrera egiten lagunduko dion lehenengo giltza.
Adimen emozionalari garrantzia ematen diogu, hau baita beste ikaskuntza guztietarako oinarria (autoezagutza, autokontrola, estrategia pertsonalak eta sozialak, komunikazioa, enpatia, konfliktoen ebazpena, autoestima…). Egunerokotasuneko lanketaz gain, proiektu bereziak ditugu: “botila magikoak” (emozien kudeaketarako), “protagonistaren proiektua,…
Psikomotrizitate gelan Acouturier-ren sistema jarraitzen dugu, saio horretan haurrak gorputzeko sentsazioetatik, adierazpen sinbolikorako ibilbidea egiten duelarik.
HARREMAN ABERATSAK
Haurrak bere inguruarekin dituen harremanetatik erakitzen du bere nortasuna. Horregatik eskolan, harreman goxo, orekatu eta aberatsak bizi ditzaten saiatzen gara.
Harreman hauetan gatazkak sortuko dira; hauek landuz eta hauetan sakonduz pixkanaka besteen ondoan eta besteekin jolasten ikasiko dugu. Elkarbizitza eta elkarrekiko errespetua izanik gure ardatzak: kooperazioa, taldea, elkartasuna, aniztasuna eta laguntasuna ditugu helburu.
“Adostokia”-rekin arazoen ebazpenean trebatzen gara eta “lan kooperatiboan” lantzen ditugu gure edukiak talde dinamika eta ikas-egitura kooperatiboen bidez.
AUTONOMIA
Haurra pixkanaka bere autonomia garatzen doa. Nortasuna eta trebetasun berriak garatzen doan heinean, geroz eta gauza gehiago egingo ditu bere kabuz, horrek bere autoestiman modu positiboan eragingo duelarik. Bere autonomia hori bultzatzea izango dugu helburu, horretarako beharrezko erabakiak hartuz espazio, metodologi eta ekintzetan. Egunerokotasuneko gauza txikietan denbora hartuz (berokiak, oinetakoak jantzi/erantzi, komunera joan, mukiak kendu,…) geroz eta autonomoago bihurtzen joango dira, adinean aurrera doazen heinean ardura gehiago izango dutelarik.
ESPERIENTZIA ETA BIZIPENA
Gizakiok esperientziatik ikasten dugu. Harremanduz, jolastuz, imitatuz eta ekinez esperientzia ezberdinak bizi eta hauetatik gure pertsona eraikitzen dugu. Haurrei manipulatzeko, esperimentatzeko eta ekiteko aukera anitzak eskeintzen dizkiegu, beraien jakinmin, motibazio eta sormenari bidea emanez, hauek baitira ikasketa esanguratsu baterako motorrak.
Geletako ekintza eta esperientziekin batera, “oreka eta emozioen” jolaslekua dugu, bertan libreki mugituz esperientzi gozagarri eta aberatsak izateko espazio ezinhobea dutelarik.
KOMUNIKAZIOA
Komunikazio bide ezberdinak esperimentatu eta lantzen ditugu: gorputz adierazpena, ahozkoa, idatzizkoa, plastikoa, matematikoa, musikala, …guzti hauen garapena bideratzea eta bultzatzea izango dugu helburu, hauetan haur bakoitzari bere indarguneekin konektatzen eta ahulezietan trebatzen lagunduz.
Euskara da gure komunikazioen ardatza, gure “eskolako ama hizkuntza”. Euskaraz bizi eta sentitu, euskaraz amestu eta maitatzen dugu. Euskara arnasten dugu! “Xaxi iratxoa” dugu euskeraren bultzatzaile, ikasturtea gurekin pasatzen duen eta izugarri maite dugun pertsonaia delarik.
Musika saioak eta inglesa 4 urtetik aurrera, irratsaioak, liburutegia,…ere baditugu.
INGURUA
Gure testuinguruarekin harreman goxoa eta aktiboa izateak gure garapen pertsonala baldintzatuko duenez, “eskola-familia-herria” guneen arteko sare osasungarria josiko dugu.
Ekologia eta ingurumenarekiko errespetua ditugu helburu, eskolako baratzean barazki eta landareak landatzen ditugularik.
Inguruetara txangoak egiten ditugu: Amasara, azokara, Zizurkilera, ekogunera, inguruko herrietara,… eta ospakizun berezi ugari ditugu ikasturtean zehar: euskera eguna, gabonak, inauteriak, liburuaren astea, Xaxiren ospakizun ezberdinak,…
ILUSIOA, AMETSA ETA BIZIPOZA
Haurrek errutinak beharrezkoak dituzten bezela, hauek zipriztinduko dituzten unetxo berexiak eskeiniko dizkiegu, ilusioz betetzen gaituzten pintzelada magikoak. Haurrak dira “ezerretik” mundu magiko bat sortzeko gaituenak, beraz beraien bizipoz hori pizturik jarrai dezan emozioz beteriko momentutxoak konpartituko ditugu elkarrekin, beraien magia horretan murgilduz: Xaxiren ospakizun eta jolasak, piratak, astronautak, sorpresak…