Maiatzaren 11ean Fleming Herri Eskolan Aniztasunaren eta Elkarbizitzaren jaia ospatuko da Amasa-Villabonan. Arratsaldeko, 16:30etan kalejira batek emango dio hasiera jaiari eta bertan Besamotzako konpartsako erraldoi eta ipotxak izango dira, baita trikitilariak eta batukada ere. Kalejira horretan, EH11koloreko Burubeltz ardi erraldoia izango dugu eta eskolako haurrek landutako oihalak herrialde ezberdinak ordezkatuko dituztenak ere.

Ondoren, herriko hainbat plazetan herrialde ezberdinetako dantzak izango dira, Afrikarrak eta Amerikarrak. Jaiarekin jarraitu nahi duenak, perkusio tailerra egiteko aukera izango du txalaparta edo danborrekin. Ondoren, haurrentzat sentsibilizazio jolasak eta tailerrak izango dira: sokatira, bolo jokoak, diana, kamisetak egitea, henaz eskuak margotzea, izenak arabiarrez idaztea,…

Jaialdia Eskolako komunitateak eta Kolore Guztiak elkarteak antolatu dute. Eskolan, familiak jatorri eta kultura aniztekoak dira eta aniztasun balorea defendatu eta agerian utzi nahi dugu. Era berean, eskolan ikasleak euskara hutsean hezitzen ditugu; urtez urte, eskolan etorkinak euskalduntzeko lana ere aldarrikatu nahi dugu: hizkuntza baita, beste elementu batzuekin batera, jatorri ezberdineko haurren integraziorako ezinbesteko giltza.

Herritarren arteko elkar ezagutza, elkarlana eta aniztasun balioak bultzatu nahi ditugu Fleming eta Amasa- Villabona herrian eta herritar oro gonbidatzen dugu jaian parte hartzera.

EGITARAUA
•16:30 KOLORE KALEJIRA (Arroatik): Erraldoi eta buruhandiak, EH11koloreko Burubeltz eta erraldoia, Batukada, trikitilariak, Txalapartariak… Dantzak: Nigeriarrak, Brasildarrak, Nikaraguarrak,…
•17:30 SENTSIBILIZAZIO JOLASAK (Errebote plazan): lortu zigiluak jolasetan zure pasaporterako. Sokatira, bolo jokoak, diana,…
•TAILERRAK: Kamisetak, hena, izenak arabiarrez,…
•JANARI DASTAKETA: Afrikarra, brasildarra,…

Euriarekin jaia frontoian izango da.